Zuzendariaren eskutitza

Sendi agurgarriok:

Azken zazpi urtotan gure zuzendaria izan dan Nerea Begoña Lopategi, Ikastola itzi eta Elizbarrutiak proposatutako beste ardura bat betetzera joan da. Ikastolan hainbat urte egin ostean, bere lanak gure proiektuari emon deutsan aberastasuna Ikastola osoaren izenean eskertu gura deutsagu.

Hau dala eta, Elizbarrutiaren konfiantza jaso ostean, zuzendaritza taldea barriztu egin genduan eta nik neuk, Merkat Bernaola, zuzendari izateko proposamena jaso neban. Niretzat, aukera hau erronka handia izateaz gain ohore berezia be bada.

Zuzendaritza talde honen, Ikastolarekiko konpromiso maila erabatekoa dala jakinarazi nahi deutsuegu.

Ikastola maite dogunontzat, proiektu hau berezia da, baita Ikastola osotzen dogun guztiontzat be ( ikasle, guraso eta irakasle). Horregaitik, erronka barri hau ahaleginez, erantzukizunez eta maitasun handiz beteko dogula adierazi nahi deutsuegu.

Gizartea etengabe aldatuz doan neurrian, hezkuntza munduan be aldaketa nabarmena bizitzen ari gara. Ikastola, gure ikasleen garapen osoaren bila dabilanez, urtez urte hezkuntza proiektua aberasteko ideia, teoria eta lanabesen bila ari da etengabe. Aurten be, etapa guztietan hainbat arlo barritzaile bultzatuko dira.

Hezkuntza proiektu eguneratu, sendo eta kristau bat lortzeko lana bultzatzeaz gain, ikasleen hezkuntza osotzeko hain beharrezkoa dan sendi eta Ikastolaren arteko harreman zintzo eta baikorra bultzateko lana be egingo dogula adierazi nahi deutsuegu.

Azkenik, gure proiektua aberasteko hain beharrezkoak diran irakasle- hezitzaileen aukeraketa, plangintza eta prestakuntza eredua indartzeko konpromisoa be adierazi nahi dogu.

Beste barik, jaso eizu zuzendaritza talde honen agurrik beroena.

ZUZENDARITZA TALDEA

Merkat Bernaola