2023/2024 IKASTURTEA

Bihotzetik eskuetara: egin zeuk be beste horrenbeste

Bihotzetik eskuetara: egin zeuk be beste horrenbeste

 

(Iturria: Bilboko Elizbarrutia. Fede-zabalkunde eta Katekesirako Ordezkaritza)

2019-20 ikasturtean, EBI sareko ikastetxeok partekatuko dogun ekimen barri bati ekingo deutsogu, hau da, aurrerantzean, ikastetxeetako pastoraltzak urteko gai/lelo komuna izango dogu.

Urteko  gai/lelo bera izateak, “ildo nagusi” batzuk dagozala eta horreek ikasturtea txipriztindu zein proposatuko diran jarduera guztiei batasuna emongo deutsiela esan nahiko dau. Gainera, pastoraltza ez da ikastetxean isolatuta dagoan arloa, EBI sareko ikastetxeen nortasunaren oinarrian eta sustraian egonda, zentroko bizitza osoan eragingo dau-eta.

Bestalde, EBI sareko ikastetxe guztiekaz partekatzen dan gai/leloa izateak, sarea eratzen eta guztiona dan hezkuntza egitasmoan aurrera egiten lagunduko deusku, baliabide nahiz jarduerak partekatuz eta indarrak batuz, berezitasunetik  ikastetxe bakoitzak bere pastoral egitasmoa hobeto garatu daian.

Gaiaz/leloaz gainera, batasun hori ahalbideratuko dauan beste hainbat osagai izango dogu: kartela, urteko hainbat unetarako materiala, partekatuko doguzan baliabideak... Hau guztia, ikasleei, honeek egoten diran  testuinguruari, hezkuntza eskaintzari,... jagokonez, beti be, EBI sareko ikastetxeen aniztasuna kontuan hartuta.

Urrats garrantzitsua dalakoan gagoz. Beraz, EBI sareko ikastetxeok hasitako ibilbide honetan, beste laguntza bat jasoz ekingo deutsogu garai barriari.

Gai honegaz, bihotza “betetan dauan” eta jarduerak uztartuz, ezinbesteko dan batasuna erakutsi gura dogu. Hauxe da gura doguna: Ebanjelioko baloreak ikasleen, familien, ikastetxeetako beharginen eta ikastetxearen bihotzean sustraitzea. Balore horreek izango dira jarduera, erabagi, aukera…hartzera eroango gaituenak. 

Azken baten, begiak eta arreta, bide-ertzean dagozanengan jarriko doguz batez be. Horregaitik, argi dogu aurtengo eredu edota jarraibide ebanjelikoa, Samariar onaren parabola eta Jesusek egiten deuskun deia izango dana.

SAMARIAR ONAREN PARABOLA

Lege-maisu batek jagi eta azpikeriaz itaundu eutson Jesusi:


- Maixu, zer egin behar dot ondaretzat betiko bizitza jasotzeko?
Jesusek esan eutson:


- Zer dago idatzita Moisesen legean? Zer irakurtzen dozu?


Harek erantzun:


- Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz; eta lagun hurkoa zeure burua lez.


Jesusek erantzun eutson:


- Ederto erantzun dozu. Bete hori eta bizitza izango dozu.
Baina, lege-maisuak, itauna bidezkoa zala adierazo nahirik, esan eutson Jesusi:


- Eta nor da nire lagun hurkoa?


Jesusek, orduan:


- Behin baten, bajoian gizon bat Jerusalemdik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan jausi zan. Lapurrek, eukazanak kendu eta, egurtu ostean, alde egin eben, erdi hilda itziz.

Hatan be, abade bat gertatu zan bide haretan behera eta, gizona ikusi ebanean, bidetik bazertu eta aurrera jo eban. Beste horrenbeste egin eban handik igaro zan tenpluko lebitar batek be: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban.

Baina bidaian zan samariar bat bertara heldu eta, ha ikustean, errukitu egin jakon. Hurreratu eta zauriak lotu eutsozan, olioz eta ardaoz igurtzi ostean; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eroan eta bere ardurapean hartu eban. Biharamunean, zidarrezko txanpon bi atara eta ostalariari emon eutsozan, esanez: “Jagon egizu eta, gehiago gastatzen badozu, hurrengoan natorrenean ordainduko deutsut”.

Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu eban lagun hurko lez lapurren eskuetan jausitako gizonarekin?

Lege-maisuak erantzun eutson:
- Haretaz errukitu zanak.


Jesusek esan eutson, orduan:


- Zoaz eta egin zeuk be beste horrenbeste.

(Lukas 10, 25-37)

 

AZALPENAK

Ebanjelioko parabola hau guztiz esanguratsua da. Jerusalemeko agintariak urduri samar egozan Jesusen ebanjelioaren barri emoteagaz: Jainkoaz, behartsuez eta zuzentasunaz iragarten ebana ez eben gogoko. Horregaitik, lege-maisuak (aditua eta, beraz, gizartean entzutea eban pertsona) neurtzeko, azpikeriaz galdetu eutson Jesusi: Betiko bizia jadesteko zer egin behar da? Jesusek legean idatzita egoala erantzun eutson: Jainkoa maitatu eta lagun hurkoa norbere burua lez maitatu. Baina legearen maisuak galdetzen jarraitu eban: Nor da nire lagun hurkoa? Jesusek parabolarekin erantzun eban.

Bidean, zauritutako lagun bat eta beste hiru lagun agertu dira; lehenengo biek aurrera egiten dabe eta hirugarrenak zaurituari lagundu deutso. Jesusek ez dauz lagunak halabeharrez aukeratzen, lagun horreek garrantzitsuak dira eta: lehen biak, abadea eta lebita, Jerusalemeko agintarien taldekoak, erlejinoan zein gizartean agintea dabenak dira. Honeek aurrera egiten dabe, zaurituarengana hurbildu barik, kutsatzeko bildurrez.

Hirugarrena, samariarra da (Samaria probintziakoa). Juduak eta samariarrak etsaiak ziran: samariarrek ez eben inongo loturarik Jerusalemeko tenpluagaz, beraz, juduentzat herexeak ziran eta euren arteko hartu-emonak gatxak ziran. Ba,  samariarra errukitzen da zaurituaz, gelditu eta bere egoeraz arduratuz. Bihotz- eta esku-zabaltasunez jokatzen dau, bere interes eta arduren gainetik, bide-ertzean botata dagoanaren sufrimentuaz jabetuz eta arintzen saiatuz, nahiz eta eroritako hori “beratarra” ez izan.

Azkenean, Jesusek beste galdera bat egin eutson lege-maisuari: Zein izan da lagun hurkoa? Zaurituaz errukitu dana. Orain, badakizu zer egin... “Zoaz eta egin zeuk be beste horrenbeste”.

Alkartasuna urietan (Aita Santuaren bideoa, 2016ko bagila): https://www.youtube.com/watch?v=CvKjSXtYbAA&list=PLGPDOIdMOZihujj9MCNarDiZk8v6eG fQV&index=7&t=0s

Hausnarketarako:

  • Eta ni, zelan joaten naz bidetik? Beti lanpetuta, neure gauzetan murgilduta, aldamenekoez be arduratu barik? 
  • Zein dira bide-ertzean nire laguntzaren zain dagozan “lagun hurkoak? Aintzakotzat hartzen ez diran pertsonak, baztertutakoak, “ikusezinak”: Etorkinak, errefuxiatuak, bizilekurik ez dabenak, lanik aurkitzen ez dabenak, bakarrik dagozan nagusiak, familiarik ez daben ume eta gaztetxoak, apurtuta dagozan familiak...
  • Ikasturte hasiera honetan, aurpegi eta izenak jarriko deutsiedaz? Aparteko zainketa zein maitasun-begirada behar daben aita, ama, ikasle,  ikaskideak... 


ARGAZKI GALERIA

Bihotzetik eskuetara: egin zeuk be beste horrenbeste